Udako jai nagusiak San Roke-ren omenezkoak dira Deban eta San Roke egunean, abuztuaren 16an, dantzatzen da ezpata-dantza. Kolore zuri eta gorriko zintekin apaindutako makilak erabiltzen dira ezpata-dantza honetarako. Gure-Kai dantzari taldeko hamar-hamabi dantzarik eta buruzagiak osatzen dute taldea. Goizean santuak, txistulariek, dantzariek eta agintariek osatutako prozesioa abiatzen da parrokiatik. Aldatz-goi gainean dagoen San Roke ermitara joango da prozesioa, eta bidean Santa Cruz ermitan geldialdia eta ezpata-dantza egingo dute. San Roke ermitan meza nagusiaren ondoren ezpata-dantza egin eta berriz ere prozesioan jaitsiko dira herrira. Herriko kaleetatik ibiliko da prozesioa zenbait tokitan gelditu eta ezpata-dantza eginez. San Roke egunean bertan egiten den emanaldi nagusiaz gain, maiatzean Debarren egunean ere egiten da San Roke ezpata-dantza. San Roke ermitan 11.00etako mezaren ondoren dantzatzen da. San Roke jaietan, abuztuan, dantzatzen da aurreskua edo soka-dantza Deban. Abuztuaren 16an, San Roke egunean ezpata-dantza egin duen dantzari-taldeak egin ohi du aurreskua. Ezpata-dantza bukatzean udaletxearen arkupeetan biltzen dira dantzariak eta agintariak. Alkateak ateratzen du soka plazara eta segidan aurresku eta atzeskuak gidatu ohi dute dantza. Maiatzean Debarren egunea ere egiten da aurreskua. Eguerdian egin ohi da plazan. Abuztuaren 17an berriz, marinelaren eguna ospatzen da Debako San Roke jaietan eta arratsaldean, zezenketaren aurretik udatiarren eta herritarren aurreskua egiten da. Herriko gazteekin batera, uda Deban pasatzen duten kanpotarrek osatzen dute soka-dantza.  San Roke egunaren biharamunean, abuztuaren 17an, marinelaren eguna ospatzen da Deban eta Gure-Kai dantza taldeko dantzariek jorrai-dantza egin ohi dute herriko kaleetan. Zortzi dantzarik, bi buruzagik eta zahagiak daramatzaten beste bi lagunek osatzen dute taldea. Buruzagi bat taldearen aurrealdean jartzen da eta bestea, atzealdean. Aurreko buruzagiak zortzikoa dantzatu ondoren, taldea atzera begira jartzen da eta atzeko buruzagiak egiten du zortzikoa. Ondoren talde osoak lurra jotzen du aitzurrekin dantzariak jorraian baleude bezala eta zahagia kolpatzen dute. Goizean abiatzen dira herriko kaleetan jorrai-dantzariak eta eguerdirarte jarduten dute kalez-kale jorrai-dantza egiten.  Abuztuko lehen astean egin ohi dira jaiak Itziar auzoan. Auzoko jaietan egin ohi dute Itziarko gazteek aurreskua.  San Nikolas jaiak ospatu ohi dira Debako auzoa den Lasturren. Irailaren 10a da San Nikolas eta egun horretatik hurbilen dagoen asteburuan, igande arratsaldean, egiten dute soka-dantza. Arratsaldean eta Lasturko plazan izaten da. Debako Aita San Rokeren Ezpata Dantza | ARRINDA ALBISU, Anastasio GARATE, Txaro | in Dantzariak, 21, EDB, Bilbo, 1982, 24-30. orr. | | La religiosidad del pueblo: Deba | ETXEBERRIA, Francisco de | in Anuario de la Sociedad Eusko Folklore, IV, 1924, 87-89. orr. | | Calendario de fiestas y danzas tradicionales en el PaĆs Vasco | FERNANDEZ DE LARRINOA, Kepa | Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz, 2003 | |
|