Uztailaren 2a, Santa Isabel eguna, egun handia da Zumarragan. Erromeria egiten da Antioko ermitan, eta ekitaldi nagusia Zumarragako ezpata-dantza da. Ezpata-dantzariak, txistulariak eta udal-batza, alkatea bera buru dela, oinez igotzen dira Antioko santutegira. Ezpata luzeekin bi lerro osatzen dituzte dantzariek, aurrean buruzagia dutela eta taldeaen atzean hiru azkendari, bina ezpata txikirekin.
Meza aurretik, ezpata-dantzari taldea sartzen denerako, eliza bete-beteta izaten da. Taldea aldare aurreraino hurbildu eta buruzagia da dantzatzen lehena. Ondoren azkendariek, banan-banan, belaunikatuta hasiko dute beren saioa eta ezpata txikien jokoarekin bukatu dute. Ezpata-dantzari taldeak elizatik atera eta ermitari kanpo aldetik itzuli bat egin ohi dio. Mezaren ondoren aurreskua egiten dute elizaren atarian eta segidan, berriz ere ezpata-dantza, baina oraingoan belaunikatu beharreko zatirik gabe.
Arratsaldeko 20.00etan, Antiora igo bezala, taldean jaitsiko dira ezpata-dantzariak, txistulariak eta udal-batza herrira, eta udaletxe aurrean agintariei zubia egin ondoren, azken aldiz egingo dute ezpata-dantza dantzariek.
Santa Isabel egunaz gain, abuztuaren 15ean, Andre Mari egunean, dantzatzen da Zumarragako ezpata-dantza, baina egun horretan herriko parrokian bertan. Ezpata-dantza egin ondoren, aurreskua ere egiten da.