Inauterietan egiten dute dantzan Amezketako txantxoek. Abaltzisketako txantxoen antzekoa da, baina dantzari kopuruak eta jantziek bereizten dituzte. Amezketan 12 edo 16 dantzarik osatzen dute taldea. Dantzariekin batera, mozorroa, zesterua eta soinujolea aritzen dira. Inauterietako igandean baserriz-baserriko puska biltzea egiten dute. Dantzariek bi makila txiki erabiltzen dituzte eta egiten duten dantza makila-dantza bat izaten da. Bidean, biribilketa doinuaren erritmora, makilak bata bestearekin kolpatzen dituzte. Mozorroak erratza izaten du eskuan eta baserri atariak garbitzen ditu dantzariek makila-dantza egin dezaten. Zesterua baserritarrak emandako jaki eta edariak biltzeaz arduratzen da.
Amezketako Ugarte auzoan, urriko lehen igandean dantzatzen da ingurutxoa. Bedaion dantzatzen den ingurutxoaren oso antzekoa da eta Leitzako ingurutxoarekin ere antzekotasunak ditu. Maiordomoaren gidaritzapean hasten da dantza, meza nagusiaren ondoren. Dantzariak bikoteka antolatzen dira, baina ez dago mugarik bikote kopuruari dagokionez.
Txantxoak, ihautea Txindokipean | ANSO, Martin | Egin, 1996-02-18 | | Calendario de fiestas y danzas tradicionales en el PaĆs Vasco | FERNANDEZ DE LARRINOA, Kepa | Eusko Jaurlaritza, Vitoria-Gasteiz, 2003 | | |